XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Konstruktibismoa

Abangoardia artistiko hau Errusian sortu zen, 1917ko Urriko iraultza eta gero.

Gizarte zuzenagoa eta askeagoa sortzeko aukerak piztu zuen artista guztiengan arte berria egiteko nahia, ernetzen ari zen gizarte sozialistarentzako.

Ordura arteko abangoardien nahasketa izan zen konstruktibismoa: kolorearekiko gustua fauvismo abangoardiatik hartu zuen, forma geometrikoak kubismotik, garai modernoekiko grina futurismotik, abstrakziotik lengoaia ez figuratiboa espresio-bide bakarra bezala ulertua eta neoplastizismotik, azkenik, gizartearen zerbitzura aritzeko nahia.

Konstruktibismoa agertu zen arte, abangoardia artistikoak artea goitik behera aldatzen ahalegindu ziren, baina sekula ez gizartea bere osotasunean.

Konstruktibismoa saiatu zen lehen aldiz artearen mugak gainditzen eta gizakien arazoei irtenbidea ematen; horregatik izan zen garrantzitsua. Begiratzeko objektu soila izateari utzi zion arteak eta produkzioan integratu zen, gizartearen zerbitzura.

Artista aipagarrien artean K. MALEVITX (1878-1935) eta EL LISSITZKY (1890-1956) nabarmendu ziren, kasuak kasu.

Abangoardiaren bide berriak

Arteak ez zuen irudikatzeko soilik balio, ikertzeko eta sentsazio eta ezagutza desberdinetara iristeko ere balio zuen arteak.

Arestian aipatutako mugimendu guztien baitan zegoen ideia hau.

Lehen Mundu-Gerraren ondoren, gizakiak gerrara bultzatu zituen arrazoia arbuiatu nahi izan zuen artista askok.

Printzipio hauetan oinarritu ziren mugimendu dadaista eta surrealista. Emaitzak era askotakoak izan ziren, baina artista guztiek izan zuten arrazoiaren eta errealitatearen mugak gainditzeko joera.

Aurrekariak

Gainerako abangoardia guztiek bezala, dadaismo eta surrealismo abangoardiek ere aurrekari garrantzitsuak izan zituzten: XIX. mendekoak, Blake edo Fûssli bezalako artistak edota mugimendu sinbolista; mende honetakoen artean, H. ROSSEAU (1844-1910) frantsesa, misterioz eta magiaz beteriko koadroekin, eta M. CHAGALL (1889-1985) errusiarra, zeinak fauvismoaren eta kubismoaren arteko sintesia egin zuen, Errusiako kondairen fantasia erabiliz.

Dena den, GIORGIO DE CHIRICO (1888-1978) pintore italiarrak izan zuen eragin gehien, batik bat surrealismoko abangoardiko artistengan.

Pintura metafisikoa deitu izan denaren ordezkari nagusi izan zen Giorgio de Chirico. Pintura metafisikoko estilo honek azaleko itxura ororen atzean dagoen lirikotasun poetikoa azpimarratu nahi izan zuen, hain zuzen ere.

Musa kezkagarriak, De Chiricorena. Itzal luzangak, erdi-hutsik dauden plazak, eskultura klasikoak, perspektiba tradizionala... dira elementuetako batzuk. Harrigarria da koadroek ematen duten bakardade- eta malenkonia-sentsazioa, non errealitatea eta ametsa nahastu egiten diren.

Dadaismoa

Lehen Mundu-Gerrarekin batera hasi zen joera artistiko hau eta, gerra bukatzean desagertu bazen ere, eragina izaten jarraitu zuen gerora.

Dadaismoa aldi berean hiri desberdinetan jaio zen: New Yorken, Parisen, Berlinen eta Zurichen. Azken hau izan zen denen artean gune garrantzitsuena, herrialde neutralean zegoenez, artista anitz bertan babestu zirelako.

Mugimendu literarioa eta artistikoa izan zen. Politika, gizarte eta arte tradizionalaren zentzugabekeria kritikatzen zituen.

Arte horri burgesiaren zerbitzura soilik aritzea kritikatu zion. Horrela, antiartea sortu nahi izan zuten; bertan, kausalitatea, zoria, bat-batekotasuna eta irrazionaltasuna izango ziren elementu garrantzitsuenak.

Horrela, probokazioa, eskandalua eta txikizioa erabili zituzten, artearen ukazio eta haustura erradikalaren adierazpen-modura. Esandakoan oinarrituz, dadaismoa izan zen abangoardiarik erradikalena eta aldaketa sakona eragin zuen arte garaikidean.